MUSIKA

Norman taldeak Elgoibarko Kultur Etxeko Sotoan joko du

Elgoibarko Sinuöse elkarteak antolatuta, ostiralean, urtarrilak 24, Eibarko Norman taldeak Perkins bere bigarren lana aurkeztuko du, 23:00etan.

Kepa Arakistain (The Gominols, Skandalu Publiku), Alex Ariznabarreta eta Gorka Bocos (Electric Dolls) eta Beñat Narbaiza (Doministikum) musikariek eratu zuten Norman, 2007an, Eibarko Legarre entsegu lokaletan. Bi urte geroago, Danbaka lehiaketako finalera eta Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketako azken fasera sailkatu ziren, eta urte berean lehen diskoa argitaratu zuten; egun Peñalbak jotzen du bateria.

Iazko maiatzean, halaber, Perkins (Gaztelupeko Hotsak) izenburuko bigarren lana argitaratu zuten. Diskoa plazaratu duen diskoetxearen arabera, “abiadura handiz irekitzen du diskoa Naked City-k, diskoko piezarik bat-batekoenak, zuzenean lepoan kosk eginez; Asphalt Jungle-k, baxu lerro errepikakorra eta gitarra riff obsesiboa direla medio, The Make-Up bezalako taldeen zeremonia katartikoak ekartzen ditu gogora; Esmarelda-k zurrunbilo frenetiko batean murgiltzen gaitu, giro eskizoide eta tarteka death metal-era jauzi egiten duen ahotsarekin”. Hori gutxi balitz, 70eko hard rockaren oihartzunak eta western kutsuko pasarteak ere entzun daitezke grabazioan.

Askotariko banda interesgarria da Norman, honatx, lagin bat:

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button