Bigarren Ekitaldia izeneko dokumentala eskainiko da martxoaren 3an, 20:00etan, Bilboko Pabellon 6 aretoan.
Bigarren Ekitaldia dokumentalaren proiekzioaren bidez, ideia hau garatu nahi da: “edozein hiritako eraldaketaren prozesuak espazio alternatiboak sortzea bultzatu behar direla, non kultura planteamendu ireki eta berritzaile batetik ulertzen den”.
Hori dela eta, adibidetzat hartzen dira Pabellon 6 espazioa eta honen 10 urteko ibilbidea.
Hainbat jaialditatik igaro ondoren (ZINEBI, Madrilgo Zinemaldia FCM-PNR, FICARD 2022) eta FICARDen Dokumental Onenaren saria jaso ostean, dokumentala aretoan proiektatuko da, grabatu zen lekuan bertan. Pabellon 6 sortu zenetik hamar urte bete direnean, sortzaileak eta aktoreak entsegu artean solasean ari dira, eta “zerrategi zahar bat kultura erakartzeko gune bihurtzeak zer ekarri duen” komentatzen dute.
Dokumentala Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk zuzendu dute, eta bertan Ander Entziondo arkitektoaren, Ramón Barea, Irene Bau, Itziar Lazkano, Maria Goiricelaya, Borja Ruiz, Sandra Tejero eta Ioritz Benito aktoreen testigantzak jasotzen dira.
Ordubeteko iraupena duen filma ostiralean proiektatuko da, eta ondoren, ikusleekin solasaldia izango da. Sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa da aurretiaz erreserba egitea www.pabellon6.org webgunean.