BERTSOTAN

Dualismoetan hausturak proposatuz

Bihar, abenduak 29, Hernaniko Biteri Kultur Etxean, 19:30 hasita, eRRe. Aldarri bat bertsoz (Lanku) izeneko saioa egingo dute Haizea Arana, Oihana Arana, Aner Peritz eta Leire Vargasek. Mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputzak, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko. Hortik abiatuta, aipatutako dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz.

Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, baina antzerkia, eta helduentzako ipuin- kontaketa eta poesia dira bertan agertuko diren beste elementuak.
Genero-ikuspegia ardatz hartuta, hainbat gai aztertuko dira bertan, tartean, LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma.

Hamar piezek osatzen dute emanaldia, non hainbat galdera planteatzen diren, hala nola, “Zer da burua gorputzik gabe? Bizitza heriotzarik gabe? Zer da natura kulturarik gabe? Eta emakumea gizonik ez bada? Guztiak bi; bata beti bestearen muga eta definizio. Baina inoiz ez berdinetik berdinera. Erre ditzakegu kategoriak batak bestea erre beharrean?”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button