
Bihar, hilak 27, Joxan Goikoetxearen Gabriel Aresti-Mug(H)arri piezaz gozatu ahalko da Poetak Maiatzean ekimenaren barruan. Ikusgarriak musika, poesia eta irudiak uztartzen ditu, eta Gabriel Arestiren figura berriz deskubritzeko parametroak eskainiko ditu.
“2025ean Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrena bete zen, XX. mendeko euskal literaturako figura garrantzitsuenetako batena. Bere obra oparoak eta euskararen normalizazioarekiko konpromiso irmoak erreferente ezinbesteko bihurtu dute kultura garaikidean”.
Testuinguru horretan kokatu behar dugu Joxan Goikoetxeak sortutako Gabriel Aresti – Mug(H)arri pieza eszenikoa. Musika, hitza eta eszena uztartzen dituen emanaldian “Bilboko poetaren unibertsoan zeharreko ibilbide sentikor eta intelektuala” proposatzen da, non haren pentsamendua, estetika eta ondarea berriz deskubrituko dugun.
Egileak adierazi duen moduan, lanaren abiapuntuetako bat Euskeraren izen poetikoak (1967) hitzaldi famatua da. Duela mende erdi eman zuen Hernanin, eta hitzaldiaren amaieran, Azken euskaldunaren heriotzea (Euzkadi año 2000) poema errezitatu zuen Arestik. “Sufrikarioa eta heriotza. Agonia bat. Euskara hiltzen ari, eta euskaldun erdaldunduek kasurik ez”.
Joxan Goikoetxearekin batera, Xabi Paya, Amaia Azkue, Beñat Egiarte, eta Iraide Sarriá izango dira.



