ESZENA

BLV-ART Jaialdia azken txanpan sartu da

BLV-ART Jaialdia apirilaren 13an amaituko da. Bere programazioan antzerki fisikoari, arte biziei, dantzari eta ikus-entzunezko instalazioei buruzko hogei proposamen inguru bildu dira egunotan. Aurten parte hartuko duten artistak Euskal Herritik eta Galiziatik datoz.

BLV-ARTen bidez, aurten, bertako hainbat espaziotan sorkuntza artistikoko formatu berriak erakutsiko dira, eta aldi berean, ekimen eszeniko berritzaileez gozatzeko interesa duten guztientzat topagune bilakatuko da. Berreginen Museoa, Bilborock, Kremlin Aretoa eta San Frantziskoko Udaltegia izango dira ekitaldiak hartuko dituzten egoitzak.

Asteburu honetan ikusiko den pieza azpimarragarri bat Metrokoadrokaren Artxibo biluzia hitzaldi performatiboa (hilaren 12an, Bilborocken) da. Ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkiaren mugetan mugitzen den pieza da. Bi aktore ikusiko ditugu eszenan, publikoarekin elkarrizketan, ikerketa bat abiatzen: dokumentua akzioaren pizgailua izan daitekeen frogatu nahian. Eszenatokian Intza Alkain eta Javi Barandiaran arituko dira, eta antzezlana aurrera doan bitartean aktoreek pertsonaiak alde batera utziko dituzte eta benetako Intza eta benetako Javi izango dira oholtzaren gainean.

Igandean, hilaren 13an, eta Bilborocken, euskarazko beste pieza bat ikusteko abagunean egongo da: Macarena Recuerda Sheperd artistaren Pelikula bat balitz. Ikuskizunak soinuak zineman eskaintzen dituen aukerak aztertzen ditu, antzerki-eszenara ekartzeko asmoz. Soinuak ukitzen dituen irudiak dramatizatzen edo fikzionatzen ditu edota irudioi beste esanahi bat ematen die. Harridura, umorea edo metaforak sortzen ditu, gauza sinesgarrietatik irrealetara bidaiatuz.

Egun guztietako hitzorduak kontsultatzeko: BLV-ART

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button