IKUS-ENTZUN

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiak bere programazioa aurkeztu du

Gaur berton, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiak ber programazio osoa aurkeztu du. Aurtengo egitarauan mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten 49 pelikula proiektatuko dira. Jaialdiko emanaldiak Bilboko Euskalduna Jauregian eta Sala BBKn egingo dira.

Aurten inoiz baino film gehiagok eman dute izena parte hartzeko, 17 edizioetan oparoena: 226 pelikula inskribatu dira. Eta betiko legez, herrialde askotatik igorritako lanak iritsi dira Bilbora: Espainia (15), Frantzia (11), Estatu Batuak (7), Italia (5), Austria (1), Erresuma Batua (1), Eslovenia (1), Kanada (1), Suitza (1) eta Norvegia  (1). Koprodukzioak ere dezente dira: EEBB-Belgika (1), EEBB-Kanada (1), Suitza-Italia (1), Suitza-Polonia (1), Txile-Argentina (1). Baina Euskal Herrikoak ere ez dira faltako, eta guztira 11 produkzio aurkeztuko dira.
Sail Ofizialean 40 pelikulek hartuko dute parte, eta aurten 24.800 euro banatuko dira 12 saritan. Beste aldetik, Zabalandi sailean, lehiaz kanpo, 9 pelikula aurkeztuko dira. Tartean, iaz Mendi Film Beka jaso zuen Peligro. No asomarse; aurtengo IAMF Sari Nagusia jaso duen Renan Ozturk zinegilearen The Ghosts Above; SOS Himalaya Fundazioak babestutako Moving Himalayas, edota Hasiera Ekitaldirako programatutako Nuptse. L’Inaccessible absolu izenekoa.

Jaialdiko lanik onenak izendatzeko epai-mahiak honako hauek osatuko dute: Michael Dillon, zinegile australiarra, Joni Cooper, Banff edota Doxa-Vancouver zine jaialdietako zuzendari izandako kanadarra, Oscar Gogorza, kazetari eta mendi gidaria, Toon Hezemans, Dutch Mountain Film Festivaleko zuzendari herbeheretarra eta Haizea Huegun, musika konposatzaile euskalduna.

Jaialdiak banatzen dituen sarien artean bada bat oso berezia izaten dena: WOP Mendi Film Saria. Aurten, Euskadiko eta Nafarroako Federazioek jasoko dute sari hori. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako mendi elkarteek sustatuta, 1924ko maiatzaren 18an sortu zen Euskal Herriko Mendizale Federazioa, Federación Vasco-Navarra de Alpinismo izenez, Elgetan. Gaur egun, Euskal Mendizale Federazioa (Euskal Autonomia Erkidegokoa) eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioa, elkarlanean ari dira organo iraunkor baten bidez, Euskal Herriko Mendi Biltzarra (EHMEBI) deitu dutena.

Abenduaren 6tik 15era, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button