ESZENA

“Aurrera Fest” jaialdia, kulturaren sektorea berrindartzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko jarduera, ekonomia, aisia, eta orokorrean, kulturaren sektorea berrindartzeko Aurrera Fest jaialdia bideratu du Euskalduna Jauregiko aretoetan konpainiek eta profesionalek euren emanaldiak egin ditzaten. Helburua, “arte eszenikoetan eta musikan aritzen diren taldeei laguntzea eta ikus-entzuleak berriro kultura erabateko segurtasunez kontsumitzera animatzea da”.

COVID-19ak eragindako geldialdiaren ondoren Aurrera Fest jaialdiak Euskaldunako oihala berriro altxatuko du zuzeneko kultur jarduerari berriro ekiteko, eta hurrengo asteetan “Jauregiaren bihotzak dar-dar egingo du berriro, musikaren erritmora, Aurrera Fest-en eskutik”.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako Foru Diputatuak azaldu duenez, “Aurrera Fest, gure baliabideak kulturaren sektorearen esku jartzeko helburuarekin sortu da. Musika eta arte eszenikoetako artista eta talde guztiek izango dute lekua ekimen honetan”.

Taldeek eta konpainiek euren proposamen artistikoak aurkeztu ahal izango dituzte ekainaren 17ra arte, eta horren ostean, ekainaren 22an, Euskalduna Jauregiak behin betiko programa jakinaraziko du, eta sarrerak salgai jarriko dira.

Antzerkian, musikan, dantzan, eta bestelakoetan aritzen diren artistei zabalik dago ekimena eta kontuan hartu beharko da besaulkiak dituen aretoko eszenatokian eman beharreko ikuskizunak izan beharko direla, gutxienez 50 minutukoak, atsedenerako aukera barik.

Euskaldunak, bere aldetik, hau jarriko du parte hartuko duten banden eta konpainien esku: oinarrizko ekipo teknikoa; ikus-entzuleak eserlekuetan banatzeko zerbitzua; 3 areto aukeratzeko  (Auditoriuma, 0B eta 0E); eta sarrerak saltzeko www.euskalduna.eus plataforma.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button