ESZENA

Gaur hasiko da ACT Jaialdia 2015

Gaur zabalduko ditu bere ateak Lan Laburren Nazioarteko Antzerkialdiak, 2015eko ACT Jaialdiak. Bilbon eta Barakaldon ekainaren 3tik 6ra bitartean, bere hamabigarren edizioa ospatuko du, mundu osotik etorritako 70 artisten proposamen berritzaile eta arriskutsuekin.

Aurten Irak, Alemania, Erresuma batua, Herbehereak, Korea, Bosnia Herzegovina, Belgika edo Cubatik etorritako antzezlanak ikusi ahalko dira, eta hala, 170 proposamen baino gehiagoren artean aukeratutako 15 lan eszenikoz gozatu ahal izango du ikusleak.

Gaur, ekainak 3, 20:30ean, Bilboko Kafe Antzokian La casa en el Arbol konpainia madrildarraren La invasión de los ladrones de cuerpos ikuis ahalko da. Vicente Colomar zuzendariak, 50 hamarkadako pelikuletara hurbildu nahiko du publikoa, atmosfera hori umoretik birsortzen.

Horren ostean, lan laburren lehiaketa hasiko da. Krego-Martin Danza (Bilbo) konpainiaren …to be continued lana izango da lehen eszenaratzea. Aspaldidaniko bi adiskide, maiz batera dantza egin eta asko partekatu ondoren, elkarrengandik banatuko dira. Horren ostean, Beating McEnroe Jamie Wood-en bakarlan saritua. Ikusleen laguntzarekin Jamiek, erritu katartiko bat jokatuko du: partida transzendental bateko azken tantoa behin eta berriz jostatu eta biziberrituz. Lan baldar eta barregarria, proposamen ezin hobea jaialdiaren lehen gaua bukatzeko.

ACT jaialdiak, BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak antolatua denez, sail pedagogiko zabala du eta horretarako, tailerrak edo ikastaroak programatu dira. Ikastaroetan nazioarteko eszenan gertatzen diren esperientzia berritzaileak bilduko dira. Egitarau pedagogikoa ekainaren 3tik 6ra bitarte garatuko da Barakaldoko Antzokian eta Guggenheim Museoaren Zero espazioan.

Jaialdi berritzaile honen barruan gertatuko dena jakin nahi baduzue, egin klik hemen.

Show More

Related Articles

Back to top button