
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak hiru emanaldi programatu dituzte Kondestable Civivoxean urteko lehen hiruhilekoan. Bihar, hilak 10, Iruñeko Kondestable Civivoxean, 19:30ean, Asisko Urmenetaren Sorgina, banaiz dokumentalaren proiekzioa eta ondorengo solasaldia antolatu dira. Martxoan, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filmaren txanda izango da.
Biharko dokumentalak sorgin-ehiza ulertzeko perspektiba historiko eta kritikoa eskaintzen du, 1525ean Auritzen hasitako jazarpena abiapuntu hartuta.
“Orain dela 500 urte gertatu zen sarraskia: 1525ean Errege Kontseiluak agindua eman zuen Pirinioetan aurkitu berria zuten sektako bost kide exekutatzeko. Epai horrekin euskal sorginkeriaren kontrako jazarpen gupidagabea hasi zen, ehun urte iraun zuena. Hemen Europako ehizaldi handiko ezaugarri guztiak batu ziren: potentzien arteko muga ezegonkorra, jaunen kontrako erreboltak, misoginia ikaragarria, adingabeen manipulazio lotsagabea, torturaren ondorioz eginiko salaketa masiboak… Eta halako batean kolpetik bukatu zen sorgin-ehiza, hasi zen bezala, ageriko arrazoirik gabe. Eta bost mende hauetan kontakizun bakarra onartu da, inkisidore eta legelariena, akelarreetan deabruarekin elkartzen eta han beren krimenak prestatzen zituzten sorgin hegalarien mitoa asmatu zuten horiena.”
Asisko Urmenetak irudiak, marrazkiak eta adituen azalpenak uztartu ditu lan interesgarria ontzeko. Lanak “beldurraren eta boterearen artean egon zen elkarlana” azaltzen du.
Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965) nafar komikigile eta ilustratzailea da. Bere lanen ardatzak umorea eta Nafarroako historia izan ohi dira. Autore horrek Euskadi Literatura Saria irabazi zuen 2019an, Literatur Lanaren Ilustrazio modalitatean.



