
Bilboko Udalak Betiko Musika ekimenaren edizio berri bat jarriko du abian urtarrilaren 17tik martxoaren 28ra bitartean. Datozen asteetan sei kontzertu programatu dira, eta emanaldi guztiak Otxarkoaga auzoko Udaltegian egingo dira 19:00etatik aurrera.
Urtarrilaren 17an hasiko da zikloa Ocaña anaien, Keko Galindo perkusionistaren eta Angela Jaurrieta dantzariaren kontzertuarekin. Ekhi eta Urko Ocaña anaiek flamenko tradizionala uztartzen dute sonoritate berriak esploratzen dituzten konposizio propioekin. Klasikoa, jazza edo musika andaluziarra nahasten dituzte “flamenko garaikide eta integratzailea” lortuz.
Hurrengo kontzertua urtarrilaren 31n izango da, eta bertan, Evening Prayer Tríok Souleko dibak aurkeztuko du. Lidia Insausti abeslari, Iñaki Miguel piano eta gitarran, eta Ibai Ros baterian sortutako proiektu musikal honek, emakumezkoen soularen historian zehar bidaia zirraragarria eskaintzen du. Ikuskizunak Aretha Franklin, Etta James, Roberta Flacken edota Nina Simoneren figurak eta soinuak gerturatuko dizkio entzuleari.
Otsailean, Aikopeko taldearen Kostaldeko koplak kontzertuaren eta Boogie Riders taldearen txanda izango da. Azkenik, martxoan, Ziza Folks eta Habana 537 taldeen proposamen musikalak entzuteko parada egongo da.
Jakingarri guztiak: Betiko Musika



