LITERATURA

Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketako saridunak

Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketak baditu bere saridunak: Karmele Mitxelena, Jon Abril eta Aitor Salegi.

Aurten 54 lan aurkeztu dira, eta horietatik Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliñok osaturiko epaimahaiak aurtengo irabazleak aukeratu ditu, eta hala, lehen saria, 3.000 eurokoa, Karmele Mitxelena Etxebestek irabazi du Armiarma-Sarea ipuinari esker. Epaimahaiaren aburuz, “gaurkotasun handiko gaia lantzen du, tratu txarrak, eta oso ondo islatzen du protagonistaren egoera, ezkutukoa eta bakardade handikoa. Isiltasun latente bat dago ipuinean oihartzun handia egiten duena”.
Bigarren saria, 1.500 eurokoa, Jon Abril Olaetxeak irabazi du Maximinaren Txurroak izeneko ipuinarekin. “Nafarreraz idatzitako ipuin honetan pertsonaiaren deskribapena nabarmendu du epaimahaiak, xehetasun handiz eta ondo eraikia dagoen aldetik. Umore puntu bat ere badu lanak eta irakurlea harrapatu egiten du”.
Zumaiako lan onenaren saria, 1.000 eurokoa, Aitor Salegi Martijarentzat izan da Parentesiak eta Pareen Tesiak ipuinagatik. “Santelmoetan girotuta dagoen ipuin honek oso ondo deskribatzen du jai giroa, zumaiarrez egindako elkarrizketek ematen dioten freskotasunari eta idazkeraren erritmo biziari esker”.

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 24an izango da Zumaiako Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button