ESZENA

Bilboko Eszena Kalera jaialdiaren azken saioak

Bilboko Eszena Kalera jaialdia aste honetan amaituko da. Irailaren 1etik 30era arte, Euskadiko kaleko arteen zirkuiturik handienak zirkua, dantza, magia, kale-antzerkia edo txotxongiloak ekarri ditu beste urte batez. Aurtengo programazioan 17 antzerki-konpainiak hartu dute parte eta guztira 32 emanaldi eskaini dituzte Bilboko 27 auzotan.

Diogun bezala, hilaren 30ean azken saioak izango dira. Hortzmuga Teatroak Agurea, urpekaria eta itsasoa izeneko pieza egingo du Zorrotzako Azoka parkean. “Itsasoak bi pertsona ezezagunentzako plan bat du, nahiz eta oraindik haiek ez dakiten. Ikaskuntza- eta tolerantzia-abentura bat da, umore handiz kontatua, familia osoarentzat, geure buruari, besteei eta ingurukoei ematen dizkiegun bigarren aukerei buruz”.

Lan horrez gain, Orain-Bi taldeak Mute eskainiko du eta La Glo Zirko Dantzak Pyrenne piea. Aipaturiko konpainien ikuskizunekin emango zaio amaiera kaleko arteen zikloari.

Aurten, ikuskizunez gain, eskaini diren jardueren artean haurrei zuzendutako zirku tailerrak izan dira. Zirkozaurre konpainiak egin ditu irailaren 15ean. Horietan, adingabeek zirkuko elementuak praktikatzen dituzte, hala nola malabareak, oreka, akrobaziak eta aireko ariketak, beren gaitasun artistikoak eta sormenezkoak estimulatzeko eta, jolasaren bidez, zirkuaren mundura hurbiltzeko.

Eszena Kalera jaialdiak du informazio guztia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button