ESZENA

Ekainetik abuztura bitartean “Uda Giro” ekimena, Durangon

Durangoko Udalak eta San Agustin Kultur Guneak prest dute Uda Giro ekimenaren programazio osoa, ekainaren 22an hasi eta abuztuaren 30era arte luzatuko dena.

Guztira 12 ikuskizun (dantza, antzerkia, musika, zirkua, magia, bertsolariak eta zinema) antolatu dira bertako kale eta  espazio publikoetan ikusleen gozamenerako.

Diogun moduan, asteburu honetan, hilak 22, abiatuko da Uda Giro Otamotzena Parkean, Aukeran Dantza Taldearen dantza Aiurri ikuskizunarekin. Aukeran Dantza Konpainiak emanaldi honekin hauxe proposatzen dio publikoari: “mugimenduari irekitzeko ariketa bat. Ireki gogoa, ireki kuriositatea, ireki gorputzak. Zer da dantzari izatea ez bada, funtsean, mugitzea: gorputz bat lekuz aldatzeko prest egotea, eta leku berri horretan norbera den gorputza berriro deskubritzea”.

Aurtengo Gaueko Humore Saioak izeneko programazioan bi ekitaldi antolatu dira: Lehena Zanguango Teatro taldearen eskutik, El peor espectáculo del mundo, de monte!!!! (uztailaren 19an) eta bigarrena Ana Goitia monologistaren eskutik, Katana (uztailaren 25ean).

Nola ez, bertako sortzaileak ere bertan izango dira, eta hala, Khantoria durangarrak (Ander Berrojalbiz eta Maider López) uztailaren 3an arituko dira. Poesia protagonista izango den beste ekitaldi batean Leire Vargas idazleak parte hartuko du Jaime Nietorekin batera. Bizi sintetikoak saioan musika elektronikoa eta poesia uztartuko dituzte (uztailaren 17an).

Bertsogintza ere ez da faltako eta urtero bezala, Tabiran, ekainaren 29an, bertso-saioa izango da.
Eta musikari dagokionez, uztailaren 5ean kontzertu ederra antolatu da, eta Gari & Maldanberak Gari 30 urte diskoa aurkeztuko dute.

Uda Giro 2025eko programazioari buruzko informazio gehiago hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button