BERTSOTAN

“Bertso Ardatz” ekimenarekin bertsolaritza egoitzetan

Bizkaiko adinekoen egoitzek Bertso ardatz ekimena hartuko dute berriz, bertsolaritzaren bidez “egoiliarren gaitasun kognitiboak motibatu eta hobetzeko”. Saioetan, bertsolariek eta egoiliarrek oroitzapenak, bizipenak eta anekdotak partekatuko dituzte bertsoen inprobisazioaren bidez.

Iazko lehen edizioan izandako arrakasta ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak Bertso Ardatz jarriko du abian “egoiliarren memoria, adierazpen emozionala eta gaitasun kognitiboak sustatzeko bertsolaritzaren bidez”.

Bigarren edizio honetan, ekimenak Gernika, Dima, Orozko, Ondarroa, Zeberio, Lekeitio, Durango, Otxandio, Leioa, Bermeo, Sondika eta Amorebieta-Etxano bisitatuko ditu uztailaren 7ra arte.

Antolatzaileek adierazi dute nola egituratzen diren saioak: “saio bakoitza egin baino lehen, egoitzetako dinamizatzaileek adineko pertsonekin batera lan egiten dute, bertso tradizionalen eta herri-kanten inguruan dituzten gustuak eta lehentasunak identifikatzeko. Informazio hori bertsolariei helarazten zaie, eta, hala, saio pertsonalizatuagoak eta esanguratsuagoak prestatzeko aukera dute. Horri esker, indartu egiten da artisten eta parte-hartzaileen arteko lotura”.

Hortaz, proiektuaren helburua da adinekoak euskal kulturaren protagonista aktibo bihurtzea, eta emozionalki aberasgarria den ekimen honen bidez, ondo pasatzea ere.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button