
Datorren astean hasita (abenduaren 22tik urtarrilaren 10era), dozena bat emanaldi programatu ditu Pabellon 6 aretoak Cabaret Chihuahua eszena-lana berriz ikusteko. Zuzeneko musika eta umorea uztartzen ditu lan horrek, krisiak kabaretean ere izan duen eraginaz, ironia eginez. Gaiak, zoritxarrez, gaurkotasun handikoa izaten jarraitzen du.
Cabaret Chihuahua antzezlan arrakastatsuak 2020 urteari bukaera emango dio. Taldekideek lana berriz eskaintzeko aukera hori pozik hartu dute: “Ez zitzaigun modu hoberik bururatzen, urte korapilatsu honi bukaera emateko eta datorkigun urte berriari hasiera emateko, hamar denboraldi hauetan zehar Pabellon 6en ekoiztu diren ikuskizun nagusienetako batekin berriro ekitea baino”.
Lana Pabellon 6 aretoan antzezteaz gain, Euskal Herriko eszenatoki askotan izan da ikusgai. Madrilera ere joan zen egonaldia egitera, edota Euskalduna Jauregira, 2017ko Aste Nagusia ospatzera. Ibilbide luzea burutu du eta Gabon hauetan 200. emanaldia eskainiko da, abenduaren 27an, iluntzeko 19:00etan.
Felipe Loza da komedia musikal lotsagabe honen egilea eta zuzendaria. Eta aktore lanetan Iñaki Maruri, Adrian Garcia de los Ojos, Itxaso Quintana, Olatz Ganboa, Quique Gago, Jon Casamayo, Izaskun Fernandez, Irene Bau, Diego Perez, Unai Izquierdo, Ugaitz Alegria eta Mitxel Santarina aritzen dira.
“Mundu oniriko eta errealaren mugan, Liza Minelly, Marilyn Monroe, Amy Winehouse, Cantinflas, Frida Kahlo, Montserrat Caballé edo Sabino Arana beste mundutik bueltatuko dira, mundu honetako kalamatrikak uxatzeko”.
Emanaldien gaineko datuak Pabellon 6 aretoaren webgunean dituzue.