Bihar, ostirala, She Rocks Fest jaialdia egingo da Donostiako Dabadaba aretoan. Festa horretan emakumez osatutako lau taldek joko dute, emakumeek ere rocka egiten badakitelako: Hinds, Mourn, Estrogenuinas eta Melenas.
Melenas taldeak hamar kantu grabatu ditu estreinako lan homonimoan. Doinuotan reverb efektudun gitarrak; naif kutsuko melodiak; baxu eta bateria primitiboak; teklatu xalo eta amultsuak eta koru hauskorrak biltzen dira. Garage-pop-ean bildutako gozoki pikanteak dira Melenasek grabatutakoak, batzuetan Donosti Sound-eko dirdira zabaltzen dute, beste batzuetan, berriz, psikodelia barrokoan harrapatuta datoz. Sorpresa lisergiko eta lotsagabea da.
Hinds laukote madrildarra da, eta garage-pop gordina jotzen du, Leave Me Alone (2016) iraupen luzeko lana diskoaren ondotik, taldeak I Don’t Run (2018) plazaratu du.
Bartzelonako laukotea da Mourn, eta aurten, Sorpresa Familia izenburuko lana plazaratu dute New York hiriko Captured Tracks zigilu prestigiotsuaren bidez. PJ Harvey edo Sleater-Kinney artisten jarraitzaileak dira, baina bestelako estiloetan ere aritzen dira. Azkenik, Estrogenuinas emakumezko punk-rock laukote melodikoa da.