ESZENA

“Lekuz Leku” Nazioarteko Dantza Jaialdia Hiri Inguruneetan

La Fundicion Bilbao Aretoak antolatu du Lekuz Leku jaialdia, hiri Inguruneetan egiten den Nazioarteko Dantza Jaialdia. Bilboko Abandoibarra Pasealekuan izango da ekainaren 22 eta 23an, eta  Bizkaia Aretoan ekainaren 29an.

Lekuz Leku XIV. edizioan, jaialdiak nazioko eta nazioarteko dantzarien proposamenak aurkeztuko ditu, gune bakoitzerako sormen zehatzekin, eta helburu argi batekin, “dantza garaikidearen lengoaia anitzak ikusle guztiengana gerturatzea, lan koreografikoak hiri-inguruneetara eramanez”.

Jaialdiaren programazioaren barruan dantza-pieza laburrak erakutsiko dira, hirigunean, leku irekietan eta ohiz kanpoko lekuetan, hiriaren eta dantzaren arteko topaketa osatuz, hiriko ikusleen eta ekintza koreografikoaren artean sinergia berriak sortuz. Bide batez, ondare artistikoaren balioa berretsi egin nahi du ekimenak, izan ere, dantzaren bidez, “ibiltariak plaza bat, paisaia bat, txoko bat eta bestelakoak modu desberdin batean begiratzen ikasten du, eta lekua berraurkitu egiten du.”

Larunbatean, Krego-Martín Danza, Montón De Paja & Trigo, Lasala, Carla Diego, eta  Topagunea eta Associazione Van arituko dira aipaturiko inguruetan, baina batez ere, Guggenheim Museoaren inguruan. Igandean, Talde Proiektua, Atama To Kuchi, La Intrusa, Patricia Guerrero eta Denis Martinez izango dira protagonistak.

Azken egunean, ekainak 29, Bizkaia Aretoan, Gelabert/Azzopardi, Nerea Martinez Martin eta  Hung Dance kolektiboen txanda izango da.

Jakingarri guztiak: Lekuz Leku

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button