
Gaur, Elorrioko Iturri Kultur Etxean, Hileko dokumentala saioa izango da, 19:30ean. Attiya Khan eta Lawrence Jackman zuzendarien A Better Man (Kanada, 2017) pantailaratuko da.
Filmaren sinopsia hauxe da: Udako gau beroan, 18 urteko neskatila etxetik ihesi, korrika doa kaleetan zehar, heriotzaren beldur. Attiya Khan da eta Steve mutil-lagun ohiarengandik aldendu nahian dabil, bi urtetan haren abusuak jasan ostean. Handik 22 urtera Attiyak Steverekin elkartu nahi du, mutilari euren gaztetako harremanaz duen oroitzapenaz galdetu eta bere orduko jokaera bortitzen bere burua erantzule egiteko prest ote dagoen jakiteko. Attiya tratu txarrak ematen zizkionarekiko lehen hitzordua grabatzekotan da.
Zirrara gordinezko elkarketa suertatzen da eta, aldi berean, Attiyaren sendatze bidean pausu berria eta Steverentzako abiapuntu garrantzitsua. Gizonezkoak lehenengoz hitz egingo du abusuaz eta iraganari buruz aritzeko zirrikitua zabalduko du horrek.
A Better Man justizia lehen-eratzailearen aldekoa da, zeinetan biktima eta erasotzaileak elkarrekin bilatzen dioten gatazkari irtenbiderik onena. Oraingo honetan, Attiyaren ongizate emozionala lortzekotan, erasotzaileak huts egin zuela onartu beharko luke.
Attiya Khan zuzendari eta gidoilari feminista da. Tratu txarrak jasan dituzten emakume eta umeen abokatua izan da eta familia-aterpeen programetan egin du lan. Lawrence Jackman zinemagilea Toronton bizi da. Saritutako film askotan hartu du parte azken 15 urteotan; batez ere, dokumental independenteetan.