2009ko edizioan aurreikusita zegoen Bizardunak taldeak parte hartzea, baina azken orduko gorabehera baten erruz, ezinezkoa gertatu zitzaion talde nafarrari Zaldibiara joatea. Baina aurten badatoz.
Festan parte hartuko duten taldeak honakoa izango dira: esan bezala, Bizardunak taldea Nafarroatik dator eta Dubliners eta The Pogues bezalako irlandar taldeen doinuak hartzen ditu oinarri. Lotsarik gabe esaten dute Euskal Folk Erradikala, Nafar Herri (Hiri) Kanta Berriak egiten dituztela. Bederatzi gizon, bederatzi ahots… denetarik dago lagun-talde honetan; folkean aritutakoak, rockero ezagunak, azken hauen lagun mozkorrak…
Ez pentsa bizardun hauek hasiberriak direnik, Mermaid, Basque Country Pharaons, Green Manalishi, Black Lagun edota Brigada Criminal eta Fiachras taldeetan ibilitako musikariak baitira.
Makulu Ken taldea, berriz, Gipuzkoako Lasarte-Oriatik dator. Duela bi urte elkartu ziren bere kideak funky eta reggae musika motak erritmo afrikarrekin elkartzeko asmoak bultzatuta. Nahasketa honetan, afrobeat-a edo afrikar funky estiloak atzeman daitezke, baina nabarmena da, era berean, rockaren nahiz reggae musikaren eragina. Zuzenean ikusi, entzun eta, nahi izanez gero, dantzan aritzeko taldea da.
Musikaz gain, izango da zerikusirik. Izan ere, Beasaingo bi artista ezagun arituko baitira graffitiak marrazten taldeak jotzen ari diren bitartean: dizebi (Igor Rezola) eta XTRM (Xabier Anuntzibai) taula-gainean arituko dira, jendaurrean, beren lana osatzen, guztion gozamenerako, jaialdiaren hamargarren urteurrena gogoan.
Jaiari jarraipena eman nahi diotenek, berriz, izango dute aukerarik Beasaingo Koiote berri tabernan, DJ. Makala izango baita bertan, global funk doinuen bidez jendea dantzan jarri nahian.
Gogoratu, martxoaren 27an, Beasaingo Gernikako pasealekuko frontoian egingo da Sustraiez Blai musika-emanaldia, 20:00etatik aurrera. Sarrera, doan.
Sustraiez Blai Kultur Elkarteak bidalita



