MUSIKA

Kepa Junkera & Sorginak taldearen “Maletak”, Barakaldon

Gaur berton, uztailak 18, eta Barakaldoko Karmen jaietarako programazioaren barruan, Kepa Junkera eta Sorginak taldeak Maletak ikuskizuna eskainiko du.

Maletak hemendik hara eramatekoak dira eta horixe egin zuen Junkerak lan hau argitaratu zuenean, Sorginak taldearekin elkarlanean: txikitako maletak hartu eta bidean musikaz aritu. Diskoak 17 lan biltzen ditu eta 100 bat artistaren kolaborazioa izan zuen, Iberiar penintsulako ia kultura ezberdin guztiak. Hala, Leon, Galizia, Aragoi, Katalunia, Euskal Herria edota Gaztelatik bidaia poetiko eta musikal bat proposatu nahi izan zuen artistak.

Diskoarekin batera 24 orriko liburuxka bat gehitu zuen, Igotz Ziarretaren eta Santi Yanizen argazkiekin, eta Rober Garayk eta Alberto Palomerak egindako 10 konposizio-txartelekin. Letrak Andoni Egaña bertsolariak idatzi ditu, baina tartean ere, Antonio Machadoren olerkiak aurkitu daitezke. Kolaborazioen artean hauexek topa daitezke: Ion Elustondo, Beloki, Imanol Urkizu, Xabi Solano, Eliseo Parra, Amadeu Rosell, Guillem Ballaz, Beatriz Bernard, Rocío Sapiña edo Xabier Diaz, besteak beste.

Gaur berton, honetaz guztiaz gozatzeko aukera paregabea duzue Barakaldoko plazan, 22.30etik aurrera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button