EZLEKUBAT

Twist festa! Los Straitjackets, Pontani Sisters & George Kaiser

Sustraidun rock and roll zaharraren jarraitzaile sutsuek ezinbesteko hitzorduak dituzte hil honen 20 eta 23an, Bilboko Kafe Antzokian eta Andoaingo San Juan festetan, hurrenez hurren. Bi zita horietan, izan ere, Los Straitjackets rock instrumental banda estatubatuar handiak eta George Kaiser abeslari ingelesak joko dute. Surfa, 50eko hamarkadako rock & rolla, twist-a eta beat erritmoak omen dira nagusi haien doinuetan. Banda ezaguna da gure artean, behin baino gehiagotan izan baita Euskal Herrian. Oraingoan, baina, The Pontani Sisters emakumezko hirukote kabaretaria izango da haiekin oholtzan. Ikuskizuna bermatuta dago!

“Twist Party” izena jarri diote emaldiari eta, zinez, kontzertu ederra izan ez ezik, ikuskizun koloretsua ere izango da. Ez bakarrik Los Straitjackets-ek soinean eramaten dituzten borrokalari mexikarren maskarengatik eta eszenatokian abiatzen dituzten koreografiengatik, baizik eta The Pontani Sister-ek erakutsiko duten show-agatik.

Pontani Ahizpek hamar urte daramatzate emanaldiak eskaintzen AEBtan barrena. Haien ikuskizunak oso ezagunak dira. Hala, Vogue, Elle, eta antzeko aldizkarietan sarritan agertu ohi dira, lurralde iparamerikarrean Kabaretak bizi duen revival-ari esker (hango telesailetan ere ikusi dira). Haien ikuskizunetan 40 koreografia inguru lantzen dituzte 40 jantzi ezberdinekin. 30eko hamarkadako kabaret klasikoarekin hasi eta 50eko hamarkadako dantza exotikoekin bukatzeko: Watusi-a, Pony-a, Monkey-a… eta noski, Twist-a! Hirukotearen dantzen errepertorioa amaiezina da.


 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button