LITERATURA

Idazle bidaiariak “Eztabaidak Literaturarekin” ekimenean

Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak Literaturarekin ekimenenaren hitzordu berri bat jasoko du gaur idazle bidaiariei buruz hitz egiteko. Saio berezi honetara Rosa Regás eta Jordi Esteva izango dira gonbidatuak, eta hauek biak, Jon Arretxe idazle eta bidaiariarekin hitz egingo dute, bidaiatzeko esperientziari eta bidaietatik sortzen den edo bidaietan inspiratzen den literaturari buruz.

Eztabaidak literaturarekin egitarauak, literaturaren inguruko topaketak eskaintzen ditu hilean behin, asteartez, arratsaldeko 19:30etan, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan.

Hilabete honetan, bidaiatzeko esperientzia pertsonalari eta bidaia horiek literatur lan batean duten eraginari buruzkoa izango da. Gonbidatutako egileek, beste gai batzuen artean, bidaia, idazteko inspirazio iturri ala kontakizuna aberasteko bidea den, bidaiei buruzko literatura, bidaia bera kontatzen duena edo urruneko errealitatea islatzen duena den azalduko dute.

Jon Arretxek hogei bat liburu idatzi ditu, eta horietako asko, mundu osoan egin dituen bidaietan bizi izandako esperientzia berezietan oinarritzen dira eta esperientzia horiek islatzen dituzte.

Rosa Regás (Bartzelona, 1933) oso ezaguna da, idazle eta editore gisa egin duen literatur lanarengatik eta baita Liburutegi Nazionaleko presidente izateagatik. Literaturari dagokionez, Regasek eleberriak zein saiakera liburuak argitaratu ditu.

Jordi Esteva (Bartzelona, 1951) idazle eta argazkilaria, ekialdeko eta Afrikako kulturaren zale sutsua da, eta kultura horietara bideratu du kazetari eta argazkilari gisa burutu duen lan gehiena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button