
Atzo hasi zen Arrasateko Gaztetxean Kooltur musika egitaraua Atom Rhumbak eskainitako emanaldia zela medio. Urrian, gainera, beste hiru hitzordu atondu dituzte programa horren baitan.
Hala, datorren ostegunean, hilak 13, Mursegok (Eibar, pop) joko du; hilaren 20an Fly Shit-ek(Bergara, hardcore) eta 27an Sumision City Blues-ek (Rock, Gasteiz). Beraz, Kooltur izeneko ekimen horren bidez Euskal Herriko pop eta rock talde interesgarrienak igaroko dira Arrasatetik.
Horrez gain, aurrera begira gaztetxera eramango dituzten taldeen zerrendaren lagin bat aurreratu dute antolatzaileek, tartean, Zea Mays (Bilbo, rock), Split 77 (Bilbo, rock eta elektronika), NCC (Donostia, punk rock) eta Screaming Targets (Donostia, power pop).
Arrasaten ostegunero euskal pop eta rock panorama onena gozatzeko parada ezbairik gabe.
Anestesia Kukutzaren alde
Bestalde, bihar Zarauzko Anestesia metal-core taldeak Kukutzaren alde joko du Bilboko Errekalde auzoan. Gipuzkoarrekin batera, La Kiny Beat Kataluniako taldea ariko da zuzenean. Kontzertua 20:30ean hasiko da, baina aurretik beste hainbat musikari ariko dira Bilboko kaleetan.