
Azaroaren 25etik 27ra Getxon egingo den hamargarren komiki azokak Bulles Jazz Blues: Komikia swing kutsuarekin izeneko erakusketa hartuko du; jazzaren eta bluesaren mundua erakusten du komikigile belgikarren ikuspuntutik. Walonia eta Brusela eskualdeetako artista ezagunen lana jasotzen du.
Erakusketa, Centre Belge de la Bande Dessiné (Komikiaren Zentro Belgikarra) ezagunaren ikerketa emaitza da eta originalen 57 erreprodukzio eta formatu handiko panel batzuk izango ditu.
Komikiaren eta jazz eta blues doinuen arteko harreman estua ikusi ahalko da bertan. Musika estilo horiek maiz agertu dira Belgikako komikietan eta istorioetako pertsonaiak musikari handiekin topatu dira, besteak beste, Louis Armstrong, Sonny Rollins, eta Thelonious Monk jazz musikariekin.
Halaber, musikaz baliatzen dira komikigileak istorioak gidatu eta girotzeko. Jazz klubak, kontzertuak eta saio inprobisatuak agertzen dira behin eta berriro istorioetan, Lucky Luke eta Gaston Lagaffe komiki pertsonaien komikietan kasu.
Horrez gain, musika sarritan izan da protagonista Belgikako komiki aldizkari nagusienen azaletan, hala nola, Tintin eta Spirou argitalpenetan. Amaitzeko, nabarmendu behar da erakusketa Europako hainbat komiki azoketan eta jazz jaialditan ikusi da.