
Markina-Xemeingo Uhagon Kulturguneak film musikalei buruzko zikloa abiatu du. Izan ere, bihar, Amy Berg zinegileak zuzendutako Janis: Little Girl Blue (2015, AEB) filma pantailaratuko dute. Janis Joplin artistaren inguruko filma da, eta 20:30ean hasiko da.
Cat Powerrek, folk alternatiboko kantautoreak, Janis Joplin izar nola bilakatu zen kontatzen du. Horrela, hildako artistaren aurpegi gizatiar eta ezezaguna erakutsiko dio ikusleari, kontraesanez beteriko pertsonalitatearen erretratu zintzo, intimo eta esanguratsua eskainiz.
Horrekin batera, hilaren 20an, Sad Vacation emango dute. Dokumentalak Sid Vicious (Sex Pistols) eta Nancy Spungenen heriotza aztertzen du: Zer gertatu zen 1978ko urriko 12an, Chelsea Hotelean? Benetan izan al zen Sid Vicious Nancy Spungenen heriotza eragin zuen labankadaren egilea?