
Aurkeztu diren 173 lanen artean (joan den urteko kopurua gainditu du aurtengo sariketak), gaur jakinarazi dira zeintzuk izan diren saridunak, Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak antolatzen dituzten Resurreccion Maria Azkue Literatur Sarien banaketan.
Sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzeko helburuarekin sortu ziren aspaldian, eta parte hartzeari erreparatzen badiogu, argi dago gazteari literatura interesatzen zaiola.
Jakina denez, bi genero saritzen dira Azkue Sarietan: narrazioa eta olerkia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 18 urte bitartekoentzat.
Orotara, aurten 173 lan aurkeztu dira. Arabatik 11 lan heldu dira; Bizkaitik 73; Gipuzkoatik 75; Ipar Euskal Herritik 10; eta Nafarroatik 4.
Urtero bezala, literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, beti ere Euskaltzaindiak izendatuta. Aurtengo epaimahaikoak hauek izan dira:, Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Antton Irusta A mailan; eta B mailan, Joseba Butron, Jabier Kaltzakorta eta Amaia Jauregizar.
Sariak banatu aurretik, epaimahaikideek lanon balorazioa egin dute, eta guztiok sentiberatasuna, indarra, idazmen ona, aldarrikapenezko gaiak, hiztegia aberatsa, sentsazioak transmititzeko gaitasuna eta poesiaren argitasuna aipatu dute esker onez.
Narrazio alorrean eta A mailan, honako sariak egon dira:
Lehenengo saria: Mundiala!. Egilea: Maddi Aiestaran (Beasain).
Bigarren saria: Zintzoa izateko ipuina. Egilea: Olatz Bereziartua (Zestoa) Hirugarren saria: Martinaren ibilbidea. Egilea: Anne Agirre (Gernika).
Poesia alorrean eta A mailan, honako sariak egon dira:
Lehenengo saria: Egunsentia. Egilea: Lorea Azpiazu (Azpeitia).
Bigarren saria: Ezer ez da betiko. Egilea: Naia Ordorika (Gernika).
Hirugarren saria: Parkea. Egilea: Aiora Amenabar (Zestoa).
Narrazio alorrean eta B mailan, honako sariak egon dira:
Lehengo saria: Janis Joplin, sudur gorriak eta arrautza frijituak. Egilea: Lourdes Ondaro (Munitibar)
Bigarren saria: Lagun minak. Egilea: Markel Txasko (Errenteria).
Hirugarren saria: Egunari beldur. Egilea: Ane Saiz (Laudio).
Poesia alorrean eta B mailan, honako sariak egon dira:
Lehen saria: Lehertu, atertu, desertu. Egilea: Maialen Akizu (Urretxu).
Bigarren saria: Amaraunak. Egilea: Inhar Esnaola (Berastegi).
Hirugarren saria: Itzaldu. Egilea: Maialen Akizu (Urretxu).



