
Aitor Merinok zuzendutako Asier ETA biok dokumentala, Buenos Aireseko Nazioarteko Zine Independentearen Zinemaldian pantailaratuko da, apirilaren 9, 10 eta 12an.
Filmak zuzendariaren eta Asier Arangurenen ETA kidearen arteko harremana jorratzen du. Zinegilearen hitzetan, “Asier eta biok Iruñean ikaskide izan ginen 80ko hamarkadan. Ondoren, bide ezberdinetatik jo genuen. Nik, aktore izateko goseak bultzatuta, Madrilera jo nuen; hiriak harrera ona egin zidan eta bazter guztietan egin nituen lagunak, aktoreak gehienak. Bien bitartean, Asier Iruñean bertan bizi zen eta konpromiso politiko handiko ekimen desberdinetan murgildu zen. Urrun bizi arren, Asierrek eta biok adiskidetasuna mantendu genuen. Urteak pasa ziren eta nire ametsa egia bihurtu zen: aktore egin nintzen”.
Asier ETA biok iragan irailean estreinatu zen Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioan, eta euskal zinemaren Irizar Saria jaso zuen. Egun, Euskal Herriko hainbat herritan dago ikusgai; esaterako, asteburuan Billabonan eta Beasainen ikusi ahalko da.
Informazio gehiago: euskalkultura.com.