
SNFU 80ko hamarkadaren hasieran eratu zen Kanadako hardcore eszenaren baitan. Ken Chinn Mr. Chi Pig karisma handiko abeslariak zuzenduta, 1981ean eman zituen estreinako pausoak, Edmonton hirian.
Hala, 1985an, …And No One Else Wanted to Play disko argitaratu zuen, eta harrezkeroztik, hamar disko plazaratu ditu SNFUk, azkena 2013an, Never Trouble Trouble Until Trouble Troubles You.
Bada, SNFU Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrika gaztetxean izango da, ostiralean, hilak 25, Estricalla eta Arrautz Ustelak taldeekin batera, 22:00etatik aurrera. Kontzertuaren ostean, DJk arituko dira.
Kanadarren musikan hardcore estiloaren energia eta ahots-melodiak uztartzen dira. Formula arrakastatsu horri, gainera, hitz politikoak gehitu behar zaizkio. Proposamen horren bidez, hardcore jarraitzaileak ez ezik, skate zaleak ere bereganatu zituen SNFUk bere hastapenetan. Harrera horri esker, Epitaph Records diskoetxe ezagunarekin ere kontratua sinatu zuen, 1991etik 1998ra bitarte.
Estricalla, berriz, Triple Asalto Mortal diskoa aurkezteko ondutako Marrazoa bezain azkar biran murgilduta dago, eta Orioko Arrautz Ustelak oholtzara bueltatu dira, denbora luzez isilik egon ostean.