
Gasteizko Parral tabernak egitarau bikaina ondu du urrian; hain zuzen ere, hil honetako astearteetan lau kontzertu interesgarri izango dira taberna horretan, Astemartes Kulturalak lelopean. Hasteko, bihar bertan, urriak 7, Khearu folk talde bizkaitarrak joko du.
Euskal tradizioan sustraitutako Aukhera izenburuko lana plazaratu berri du Kherau folk bandak. Grabazio horretan soinua indartu eta biziagotu du; horretarako, Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako doinuak, euren kantuekin uztartu ditu. Diskoaren sonoritatearen harira, folk estiloko instrumentuak dira nagusi: soinua, kajoia, bouzoukia eta baxua. Oraingoan, baina, bestelako instrumentuekin nahastu ditu Kherauk, tartean, flauta eta esku-soinua.
Gainerako kontzertuen harira, urriaren 14an, Zarauzko Perlak post-punk banda gazteak joko du; Oihane (ahotsa, gitarra, teklatua, koroak), Maite (ahotsa, gitarra, teklatua, koroak), Patxi (ahotsa, bajua, teklatua, koroak) eta Ilargik (bateria, koroak) zazpi kantuko estreinako lan homonimoa grabatu dute, Aitor Abio teknikariaren zuzendaritzapean.
Hilaren 21ean, Morau ta Beñardo izango dira Parral tabernan; kaleratu berri duten Arrainentzako himnoak diskoko folk-rock kantuak aurkeztuko dituzte. Azkenik, hilaren 28an, Napoka Iria bikote ezagunak joko du.



