
Urte osoan zehar, zehazki urtarrilaren 13tik abenduaren 22ra, Bilboko Alondegian, ikus-entzunezko bestelako narratibei arreta eskainiko diete BIdeOtik ekimenaren bidez.
Egitasmoak bideoaren bidez inguruan duguna erregistratu eta irudikatzeko modu berriak eskainiko du aparteko zinema ziklo baten bidez.
BIdeOtik zikloan Erretratua, Lurraldea eta Ibilbidea sekzioetan bilduko dira ikus-entzunezko hamar lan. Erretratuak urtarriletik martxora bitartean luzatuko da, eta bertan, “ibilbide artistikoen erretratuak, jendartetik eta jendarteko bazterkeriatik iritsitako erretratuak eta autorretratuak, eta familia-bilaketa baten erretratua” bilduko dira.
Lurraldea apirilean hasi eta ekainean amaituko da, eta izenak dioen bezala, lurraldea izango da gai guztiak harilkatuko dituen ardatza, “Greziako uharteetatik Andaluziako lurralde-imajinariotaraino”.
Irailean hasiko da Ibilbidea, eta egileen ibilbidea aztertuko duten hiru saio egingo dira.
Hileko saio bakoitzean, egileak izango dira bertan lana aurkezten, eta lanaren prozesua erakusten. Itxaso Díazek koordinatuko du programa, zeinak estatuan eta nazioarte osoan sortu eta egin diren bideo-sorkuntzako lanak eta proiektuak erakutsi nahi dituen.
Urteko programazioa, ordutegiak eta abar kontsultatzeko, hemen begiratu.