
Bi egunetan, gaur eta bihar, Markina-Xemeingo Jazz Jaialdiak lau kontzertu programatu ditu.
Uztailaren 24an, NHIL taldea arituko da Uhagon Kultur Etxean. Kontzertu koloretsu eskainiko du Aretxabaletako taldeak bere pop-soul sofistikatuarekin. Sara Alonso, Xabi Zuazabeitia, Irene Ruiz de Austri, Asel Errasti, Peio Uribetxebarria eta Aitor Ruiz de Austri dira bertako kideak.
Horien ostean, Erromintxelak taldearen txanda izango da. Arrasaten sortua, swing tradizionala eta euskara uztartzen dituen taldea da. “Erromintxelak zera da, hemengo eta oraingo musika, soinu kaletar dotore eta bizidunak garai bateko zapore apur batekin, presarik eta premiarik ez zegoen garaikoa”.
Hurrengo egunean, bihar, 25ean, Arima Soul Quintet eta A Contra Blues taldeak arituko dira. Arima Soul 2020an Zarautzen jaiotako musika proiektua da, Mikel Unzurrunzak eta Lidia Insausti abeslariak sortua. Soul, r&b, funk eta jazz-groove estiloak uztartzen ditu.
Bartzelonako A Contra Blues taldea erreferente bihurtu da, bai nazio mailan, bai nazioartean, eszenan duen energiagatik eta musika-kalitateagatik. Aurten 20. urteurrena ospatzen ari dira.



