
Bidean izango da Ikuska Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldiaren 28. edizioa azaroaren 21era arte.
Bertako antolatzaileen hitzetan: “Aurtengo egitarauak berriz ere askotariko proposamenak eskaintzen dizkigu, euskarazko zinemari, ikuspegi feministei, umoreari, animazioari eta zinema dokumentalari lekua eginez. Ikuska publiko guztiei irekitako erakusketa izatea nahi dugu, zinemaz gozatzeko aukera emango duena, baina, era berean, beste errealitate batzuetara hurbiltzea, ezarritakoa zalantzan jartzea eta bestela agian iritsiko ez litzaizkigukeen istorioak ezagutzea ahalbidetuko duena”.
Atal ofiziala azaroaren 16tik azaroaren 20ra izango da, eta egunero eskainiko dira proiekzioak, 20:00etan. Guztira, 25 film labur ikusi ahal izango dira lehiaketan, Espainia, Kanada, Alemania, Herbehereak eta Kubako produkzioekin. Gainera, ostiralean, hilak 20, 22:30ean, animazioari eskainitako saio bat egongo da.
Ikuska 2026 azaroaren 21ean bukatuko da Trintxerpeko Alkateordetzan 19:30ean hasiko den ekitaldi batekin. Bertan sariak banatuko dira, eta saritutako film laburrak proiektatuko dira.
Ekimenaren sariak hauxek dira: Film labur onena: 1.500 euro; Femenino plural saria: 1.000 euro; Mintzagun saria: 600 euro; Animazioko film labur onena: 500 euro; Film labur dokumental onena: 500 euro; Emakumezko aktore onena: 500 euro; Gizonezko aktore onena: 500 euro; Epaimahai gaztearen saria: 500 euro; eta Ikusleen saria: 500 euro.
Pasaiako Udalak ditu xehetasun guztiak.



