
Nicke Andersson (abeslaria eta gitarra) Suediako Hellacopters talde ezaguneko lider ohiaren egitasmo berria da Imperial State Electric. Suediarrek Gasteizko Jimmy Jazz aretoan joko dute gaur, irailak 18,, Añorgako UK Bill taldearekin batera.
Lehenengo taldearekin jorratzen zuen energia handiko jarioa alde batera utzi du, eta orain, melodiak jorratzeari ekin dio Anderssonek, Cheap Trick eta Kiss estadio handietako izarren erara, betiere 50eko eta 60ko hamarkadako doinu klasikoak baztertu gabe: The Beatles, Chuck Berry… Entombed, The Solution eta Death Breath taldeetan ere jo zuen gitarra jotzaile eta abeslariak.
Imperial State Electric bandak hiru disko argitaratu ditu orain arte, Imperial State Electric (2010), Pop War 2012, eta gaur Gasteizen Euskal Herrian aurkeztuko duen Reptile Brain Music’ (Psychout/Bootleg Booze).
Hainbat bira egin ditu Eskandinavian eta Europan barrena. Anderssonekin batera ondoko musikariak izango dira agertokian: Dolf de Borst (ahotsa eta baxua); Tobias Egge (ahotsa eta gitarra), eta, azkenik, Thomas Eriksson (bateria eta perkusioa).
“Enperadore bakarti sentitzen naizen tokia edo buruko egoera da Imperial State Electric. Hemen armadaren buru naiz, ehunka gitarra elektrikorekin osatutako artilleriarekin”, dio Anderssonek. Kontzertua 20:30ean hasiko da.



