
Igartubeiti Baserri Museoaren 25. urteurrena dela eta Denbora esku artean erakusketa abiatu dute. Bertan, Urola Garaiko eta Goierriko bost emakume artisauren lanak biltzen dira, “tradiziozko lanbideen, ondare materialaren eta sorkuntza garaikidearen arteko harremana aztertzeko”.
Baserriko eguneroko bizitzako objektu zaharrak abiapuntu hartuta, erakusketak lurraldearen nortasunaren parte diren ezagutza oinordetzan jasoei, materialei eta lan egiteko moduei buruzko begirada berriak proposatzen ditu. Denbora esku artean erakusketak artisautza baserriaren memoriaren eta sorkuntza garaikidearen arteko lotura gisa aurkezten du.
Baserriko jarduera tradizionalarekin lotutako lau diziplina biltzen dira bertan: zeramika, lihoa, artilea eta saskigintza.
Jone Urain eta Maite Salutregik (Pott Keramika), Leire Santillánek, Sandra Clivillek eta Itziar de la Granjak sorkuntza garaikideko piezak egin dituzte baserriko eguneroko bizitzako objektu zaharrak abiapuntu hartuta.



