
Unai Ruiz eta Naroa Martínez sortzaileek eginiko Afonia albumak eskuratu du aurtengo Haurrendako albumak sortzeko Etxepare saria lehiaketan parte hartu zuten 26 lanen artetik, eta, orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du.
“Isiltzen ari den ahotsa baina, adi erreparatuz gero, oraindik ere entzuten dena; horra zer den afonia. Eta horra istorio honek kontatzen diguna: ezkila jotze bat, klon-klon, eta bertze bat, klap-klap, urrunean aldiz, kulun-kulun… Entzuten ditugu kanpaien hotsak? Aitonak ilobari kontatzekoak zizkion soinu bakoitzaren erranahiak, baina haren ahotsa oihartzun bilakatuta, amonaren eta lagunen bitartez iristen dira orain notiziak.
Tradizioaren aztarnei segika, istorioak dolua du oinarri; galtzen ari garen horren pena zeharkatzen du ipuinak, baina aldi berean, memoriaren bitartez oraindik ere ondoan dugunaren aldeko aldarria izan nahi du. Ezer ez da galtzen norbaitek oraindik oroitzen badu, eta ezkila-jotzeek bizirik diraute, aitonaren transmisioari eta tradizioari eutsi nahi dion ilobari esker.
Afonia, landa eremuaren azken orroa, arbasoen xuxurla gisara, urrunean entzuten dena, oraindik ere irakasteko asko daukanaren aldarrikapen urratua, gure bihotz eta belarrietaraino astiro eta amorruz iristen dena.”



