IKUS-ENTZUN

Tsai Ming-Liang zinemagilearen erakusketa Tabakaleran

Tabakalerak Tsai Ming-Liang taiwandar zinemagilearen Walker erakusketa abiatu du, abenduaren 6ra arte zabalik egongo dena.

“Proiektuak 2011n du abiapuntua. Urte hartan, zuzendariak Lee Kang-Sheng aktorearekin elkarlanean jardun zuen Only You antzezlanean. Aktorea urrats geldoz ibiltzen zen sekuentzia batek liluratuta, Tsai Ming-Liang zinemagileak gorputz erritmo hori pantailara eramatea erabaki zuen, gorputza munduko hainbat lekutan zehar dabilen behatzaile bihurtuz. Tsai Ming-Liangen geldotasunaren bilaketa hori Xuanzang monje txinatarraren irudiarekin lotuta dago. Txinako zibilizazioaren Urrezko Arotzat hartzen den Tang dinastiaren garaian (VII. mendetik X. mendera bitartean), monjeak milaka kilometro egin zituen Indiaraino, eskritura budisten bila. Lee Kang-Sheng monje horren bertsio garaikidea da: ilea larru-arras moztuta, oinutsik eta tunika gorri bat jantzita, pertsonaia hiriko paisaian barrena dabil erabateko introspekzio-ariketa batean”.

2012tik, Walker saila handitu egin da, eta hamar hiritan (besteak beste, Taipei, Hong Kong, Marseilla, Tokio, Paris, Washington DC eta Donostian) filmatutako hamabi lan gehitu zaizkio. Erakusketa honetarako hautatutako saileko hiru piezen bidez (No Form (2012), Walker (2012) eta Journey to the West (2014), Tsai Ming-Liangek “Hong Kongeko, Taipeiko eta Marseillako kaleak begirada neurtu batetik zeharkatzera gonbidatzen gaitu. Geldotasuna bertute bihurtzean, zinemagileak bizitzari aurre egiteko eta ingurua behatzeko modu desberdin bat erakusten digu”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button