
Mendi Film nazioarteko jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria Arrasatera helduko da gaur, maiatzaren 12an.
Iazko abenduan BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian nabarmendutako lau pelikula eskainiko dira, mendiko zinemagintzako punta-puntako pelikulak.
Julen Elorza arrasatearrak Mendi Filmen Kirol eta Abentura Film Onena saria irabazi zuen Cantos y Flores piezarekin. “Karina Carsoliok amets bat bazuen zendutako anaiarekin batera egin gabe utzitako erronka baten inguruan, eta Hillary Gerardirekin bat egingo du aurrera: Boliviako mendi ikonikoetan denbora markarik onenak ezartzea lasterka igoz eta jaitsiz”.
Nagore Eceiza donostiarraren Izarren zaunka ere ikusi ahalko da. Txindokiko ertzean grabatutako eskalada saio bat agertzen du filmak, Iker Uranga eta Mikel Saez de Urabain, eta haien barne-munduak agerraraziz.
Alfonso Garcia getxoztarrak Un día al año dakar. Atxarteko harrobian urtean behin egin ohi den Iñauteri originala du ardatz.
Azkenik, Trango filma ere proiektatuko da. Trango Dorre Handiaren jaitsiera eskietan burutu duen lehen taldea da protagonista, Christina Lustenberger buruan, Jim Morrisonn eta Chantel Astorgarekin batera.



