
Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programaren barruan, Metrokoadroka kolektiboak Bi baso bat ur antzezlana estreinatuko du otsailaren 19an Galdakaoko Torrezabal antzokian,19:00etatik aurrera.
Piezak tratu txarrei loturiko trauma baten ostean alaitasunak eta umoreak jokatzen duten paperaz egin nahi du gogoeta. Oholtza gainean Intza Alkain, Iraia Elias, Javier Barandiaran eta Marina Suarez aktoreak arituko dira. Zuzendaritzan Edurne Azkarate eta Oier Guillan, eta dramaturgian Miren Azkarate eta Oier Guillan aritu dira, antzezlaneko talde osoarekin elkarlanean..
Lanaren sinopsia hauxe duzue: Lau pertsona dantzaleku baten erdian. Bakoitzak baso bat ur du eskuan. Lauak guztiz geldi daude, DJak inguruko jende guztia dantzan jartzen duen bitartean. Tratu txarren osteko alaitasunaz mintzo da antzezlan hau. Tratu txarrak jaso dituen pertsona bati alaitasuna ebasten dio tratu txarren eragileak. Edozein arrazoi dela medio tratu txarrak jaso duen edonori alaitasunerako eskubidea zalantzan jartzen zaio, tratu txarren ostean ere. Antzezlan honek alaitasunaren izaera soziala jarri nahi du erdigunean, minaren ostean alaitasunaren eta umorearen jabe egitea mina gainditzeko eta ahalduntzerako ezinbesteko tresna dela agerian utziz. Dantzalekuaren erdian ezin mugiturik dauden lau pertsonen istorioa kontatuko dugu; sakontasunez eta errespetuz baina, esan gabe doa, modu alai batean.



