
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak, Literaturarekin elkarrizketak XXI. mendean zikloaren barruan, bihar, otsailaren 17an, Sortu, idatzi eta abar izenburupeko saioa antolatu du19:00etatik aurrera. Bertan bi idazle handi bilduko dira solasaldia egiteko Bernardo Atxaga eta Unai Elorriaga. Ilaski Serrano moderatzaile lanak egingo ditu. Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian garatuko da hitzordu literario hau, eta sarrera doan izango da leku bete arte.
Bi egileek euskal literaturari buruz hitz egingo dute, biek lagundu baitute nazioartean ezagutarazten. Solasaldian beren lanen sortze prozesuaz ere hitz egingo dute, zertan inspiratzen diren, idazten hasteko eta jarraitzeko dituzten motibazioak, zertarako eta norentzat sortzen duten, zer den beraientzat idaztea, eta literatur ibilbidean beraien obrak izan dituzten bilakaeraz, besteak beste.
Bi idazleok ez dute aurkezpen handirik behar. Bernardo Atxagak Enarak kaleratu du duela hilabete batzuk, eta bertan irakurleak “suspensea aurkituko du haren orrialdeetan, umorea, sakontasuna, lengoaiaren erabilera arina, ausardia. Urtain da nobela honen lehen pertsonaia; pintore profesional bat, azkena. Enarak ere hor daude, etengabe hegan segundoko hamar metro eginez”. Klaribidentziatik tiraka, gozatuko duzuen lana da Enarak, eta zuok gizaki materialok aingeru immaterialen ahotsari jaramon egingo diozue.
Unai Elorriagak Odola kantari kaleratu zuen joan den urtearen hondarretan. Odola Kantari. Euskal Kantugintzaren Tragepedia ikusgarria haizatu dute urte honetan Unai Elorriaga eta Josu Aurrekoetxea sortzaileak. Beti esan izan da gai bi nagusi daudela literaturan: maitasuna eta heriotza. Mundu guztiak uste du, gainera, maitasunari buruz idatzi dela gehien. Ikuskizun honen bitartez, ordea, sortzaileak saiatu dira erakusten ez dela guztiz egia. Saiakera honek heriotzari asko kantatuko zaiola erakutsi nahi du, gerrari, hilketei, odolari. Horra liburuaren muina beraz: euskal literaturan ekintza bortitzek, odolak azken finean, izan duten presentziaren azterketa kronologikoa eta bertso-sorta ezagun baten egiletzaren bilaketaren emaitza.



