
Euskarazko sorkuntza intelektuala bultzatzea eta euskal literaturari begirada berriak ematea xedea duen Santiago Onaindia XIX. Ikerketa Beka Cira Crespo historialari eta kazetariarentzat izan da. Bere proiektuaren izenburua honakoa da: Euskal emakumeen pizkunde literarioaren sustraiak (1899-1922). Irakurketa dekolonial bat. Lan honen helburua da emakumeek euskaraz idatzitako lehen literatura-testuak berreskuratzea eta aztertzea, Emakume Abertzale Batza sortu aurreko aldian.
Ikerlariaren proposamenak dio “1936 aurreko belaunaldi literario femenino bat existitzen dela, eta hori historiografiak zein kritikak alde batera utzi dutela”. Hortaz, irakurketa dekoloniala proposatzen du testu horiek berriz interpretatzeko, duten balioa azaleratzeko.
Bestalde, Alexander Gurrutxaga eta Lorea Jainaga ikerlariek bekaren XVIII. edizioan garatutako ikerketa Lourdes Iriondo, Bide-urratzaile izeneko lana ere aurkeztu da. bertan, Lourdes Iriondoren ekarpen musikal eta literarioa jorratzen da. Lanak hainbat material argitaragabe ere azaldu ditu.



