
La Regenta, Clarínen klasiko handia, Arriaga Antzokira iritsiko da asteburu honetan, martxoaren 8an, larunbatean, eta igandean, hilaren 9an, 19:00etan. Ana Ruiz, Joaquín Notario, Jacobo Dicenta, Alex Gadea, Francesc Galcerán, Pepa Pedroche, Lucía Serrano eta Alejandro Aresteguik antzeztuko dute obra.
Leopoldo Alas Clarínek idatzi eta 1884an argitaratu zuen XIX. mendeko espainiar literaturako eleberri bikainetako bat, eta orain, Eduardo Galánek antzerkirako moldaketa egiteko sekulako ahalegina egin du. Helena Pimenta arduratu da muntaketaren zuzendaritzaz.
La Regenta antzezlanak “gogortasunez irudikatzen du goi-klase alferraren eta moral hipokrita eta itogarria inposatzen duen kleroaren mende dagoen probintzietako hiri bateko giroa. Protagonistak bere patua aukeratzeko duen eskubidea defendatzen da, bere garaian nagusi zen moralarekin bat ez zetorren arren. Hori dela eta, mespretxua, abandonua eta bakardade tragikoz betetako amaiera bat izango ditu zigor.
Clarínek gizarte aristokratiko bateko agintari-klaseen kritika ironiko bat egiten du, edo aristokratiko izan nahi duen gizarte horrena, zeina tinko mantentzen baita, atzeratuta, kontserbadore eta elizkoi. Egoismoa, neurrigabeko anbizioa, inbidia, hipokrisia, gaizki-esateak, besteen iritzia… Beste garai baterako atea zabalduko dugu, bertan ispilu bat jartzeko. Beste mende bateko pertsonaien portaerak gugan aztoratzen dituzten alderdiak ikustea da helburua.”