
Bilboko Udalak, BilbaoEszena Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez, Artistak Egoitzan programaren XVII. ediziorako deialdia egin du. Parte hartu nahi duten euskal konpainiek eta artistek apirilaren 11ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko.
Programaren helburu nagusia proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea da eta horretarako gehienez sei proiektu artistiko aukeratuko ditu. Parte-hartzaileek bi laguntza-mota izango dituzte aukeran: batetik, 2.000 euroko hasierako faseko proiektuetara bideratutakoak, eta, bestetik, 4.000 euroko garapen-faseko proiektuetara bideratutakoak.
Egoitzek gehienez 25 eguneko iraupena izango dute, eta hiriko espazio eszenikoetan egingo dira, ahal dela uztailean, abuztuan, irailean eta urrian.
Gainera, hautatutako pertsonek edo konpainiek beren sortze-prozesuak publiko orokorraren edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, bai BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren hurrengo edizioan, bai Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Arloko beste programa batzuetan.
Parte hartu nahi duten pertsona edo konpainia guztiek BAD Jaialdiaren webgunean aurkituko ditzute betebeharreko guztiak.
2024an, garapen fasean zeuden bi proiektu hautatu ziren: Hezetasun erlatiboa, Katastrofen Teatroa konpainiarena eta Olaia Valle Lópezen Entre mi cuerpo yo. Llorona llévame al río BAD Bilbao Antzerki Dantza Jaialdian estreinatu zena. Hasierako fasean zeuden bi proiektu ere aukeratu ziren, Eva Guerreroren El último baile eta Ane Sagües Abad eta Cristina Tomás Olayak osatutako Las Nenas taldearen Torcidxs.