ESZENA

Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak bere irabazleak izendatu ditu

Aurten, euskarazko formatu txikiko antzerkia bultzatu nahi duen Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak AmaHiru konpainia saritu du, epaimahaiak lehen saria eman baitio Igogailu batean amaitu zen mundua izeneko antzezlanari. Horren ostean, bigarren saria, Baionako Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du! antzezlanari eman dio.

Donostiako AmaHiru konpainian Iñaki Cid, Eneritz Sanchez eta Iñigo Elosegi antzerki zaleak biltzen dira. Euren sorkuntza da Igogailu batean amaitu zen mundua pieza. Lan horren sinopsia honako hau duzue: “Idoia eta Julen igogailu txiki batean topatzen dira bakoitzak bere aldetik lagun batzuen etxean egindako afari baten ostean. Biek zabor poltsak daramatzate. Ez dute elkar ezagutzen baina beraien bizitza betirako lotuta geratuko da. Bat-batean igogailua geratu eta behera jauziko da. Idoia eta Julen, konortea galdu ondoren, igogailuan esnatuko dira ahots batek hitz egiten diela. Igogailuen enpresako larrialdi zerbitzuetako langilea da, eta berak iragarriko die orain dela 2 ordu munduan hutsegite masibo bat egon dela eta mundua, ezagutzen zuten bezala behintzat, amaitu egin dela.”

Eta diogun moduan, bigarren saria Itzuli konpainiak eskuratu du Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du! piezarengatik. Maryse Urruty eta Martin Antxiak idatzi eta zuzendutako bakarrizketa da.
Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 2.500 euro jasoko ditu eta finalistak, 2.000 euroko, eta lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatuko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button