
Bilboko Pabellon 6ko Gazte Konpainiaren lan berriak Rey Desnudo y Chico Muerto izena du, eta gorroto-delituak eta homofobia gaiak aztertu nahi ditu. Bihar, hilak 4, lan horren estreinaldia egingo da, eta bere lehen asteburuan Zinegoak jaialdiaren programazio ofizialaren parte izango da.
Rey Desnudo y Chico Muerto muntaiak egungo gazte homosexualen errealitatea erdigunean jartzearen aldeko apustua egiten du. Antzezlanaren akzioa Bilboko Casilda Iturrizarren parkean kokatuta dago, 2016an, udako larunbat bateko goizaldean, minutu bateko benetako denboran gertatzen den istorio bat kontatzeko.
Sinopsiak kontatzen duenez, “58 segundo horiek hedatu eta uzkurtu egiten dira, denbora bera bezala, eta 2.000 urte atzera egiten dute. 58 segundotan, klase eta jatorri desberdineko baina errealitate bereko gizon-emakumeak harrapatuta geratzen dira, eta hauxe da haien errealitatea: norbait maitatzea modu ez-konbentzional batean”.
Dramaturgia eta zuzendaritza Iñigo Coborenak dira, eta Sara Barroeta, Jon Casamayor, Itxaso Gil, Josh Ortiz de Zarate eta Arnatz Puertasek osatzen dute taldea.
Antzezlana martxoaren 4etik martxoaren 27ra bitartean taularatuko da, ostiraletik igandera, eta goizeko emanaldiak eskainiko dizkie institutu eta ikastetxeei, antzezlanaren gaia zabaltzeko.
Jakingarri guztiak www.pabellon6.org web atarian dituzue.