
Aiora Enparantza Armentiak Alda Merini poeta ekarri du euskarara eta Saint-John Perse Santi Leonék. itzuli du. Munduko Poesia Kaiera sail ederra gero eta potoloagoa da.
Alda Merini 1931n jaio zen Milanen, hil zenerako (2009an), XX. mendeko bigarren erdiko poeta italiar laudatuenetakoa zen. Bere poesia lirikoa da funtsean, nahiz eta sinbolismorako eta are mistizismorako joera (bere poesia berantiarrean, nagusiki) nabaria duen. Maitasunezko poema bikainak ditu, esaterako, zenbaitetan desamodiozko ere badirenak, edo atxiki ezinezko maitasunarenak. Poeta handi gehienek nola, poesiaren beraren inguruan ere hausnartu zuen, halako moldez non eskakizun poetikoa bizi-eskakizun bilakatzen den. Hamasei urte eskas zituela sartu zuten estreinakoz ospitale psikiatriko batean, eta nahasmendu bipolarra diagnostikatu zioten. Gerora, maiz egin zituen sartu-irtenak, eta bide arantzatsu horretatik ildo poetiko oso bat garatu zuen, non minak eta gorputzak aparteko presentzia duten. Buru gaixotasuna gorputzarena ere badela erakusten digute, nolabait, bere poesiek.
Saint-John Perse 1887an jaio zen Pointe-à-Pitre-n, eta Guadalupe irla inspirazio iturri oparoa izan zuen bizitza guztian. Izan ere, nerabezaroaren atarian irla utzi eta Frantziara joan zen bizitzera familiarekin, eta honenbestez, Guadalupeko haurtzaro galdua bikoitza izan zuen nolabait, denborazkoa zein espaziozkoa. Adituek diotenez, irla utzi izanak lorratz sakona utzi zion, eta haren poesian ageri diren zenbait pertsonaia horrekin loturik daude. Giro hori gogora ekartzeko itsas lexiko eta lexiko botaniko joria erabiltzen du Persek, eta aparteko gaitasuna du mundu hura poetikoki berbizitzeko. 1960an Nobel saria eman ziotenean, epaimahaikoek “bere sormen poetikoaren irudimen-aberastasuna” nabarmendu zuten. Bere garaiko abangoardia poetikoa besarkatu zuen, (post)sinbolismora hurbilduz.
Beste aldetik esan behar da Beñat Sarasolak bildumaren editore izateari utziko diola 40. zenbakira iritsita, lan bikaina egin ostean. Isabel Etxeberria eta Maialen Berasategi Catalán izango dira MPKren editore hemendik aurrera.