IKUS-ENTZUN

“2deo” sariaren irabazleak

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zenbait kidek eta ikus-entzunezkoetako aditu independenteek osatutako batzorde batek hautatu dituzte 2deo Saria 2020ko saridunak. Sariketaren helburua ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuen garapena sustatzea da.

Hiru proiektu aukeratu dira guztira eta hiruren artean 50.000 euroko laguntza ekonomikoa banatuko da urtarriletik maiatzera bitartean euren proiektuaren prototipoak garatzeko. Prozesu hori amaitzean, prototipoen aurkezpena egingo da ekitaldi publiko batean, ikus- entzunezko 2deo laborategian.

Honako hauek dira hautatutako proiektuak: Jone Arriola: Larrugorritan. “Gazteak ardatz dituen telesaila da, eta protagonistek hogei urte inguru dauzkate. Bost laguneko koadrila batek emakumeei eta gizonei buruzko estereotipoak eta mitoak hautsiko ditu”. Jone Arriola Ikus Entzunezko Komunikazio gradua burutu du EHUn. 2018-2019 ikasturtean, Norvegian burutu zuen lehen lau hilekoa Innland Norway University of Applied Sciences unibertsitatean;
Bigarren proiektua da La Traka Producciones: Nahiak. Webserie hau 15 minutuko hiru atalez osatuta dago. “Drama eta komediaren artean kokatzen da. Proiektu honek ikusgarritasuna eskaini nahi die bazterketa-arriskuan dauden kolektiboei, estereotipoak saihestuz”.  La Traka Producciones irabazi asmorik gabeko elkartea, 2018an sortu zen antzerkigintza eta ikus-entzunezko proiektu artistikoak gauzatzeko helburuarekin; Azkena, Pello Reparaz: Fatum adimen artifizialarekin sortutako lehen abesti eta ikus- entzunezko aplikazio interaktiboa da. “Proiektu honetan, eta adimen artifizialak ematen duen informazioari esker, hartzaileak ez du inoiz abesti bera entzungo eta ez du bideoklip bera ikusiko”. Pello Reparaz Arbizun jaiotako musikari, konpositore eta ekoizlea da. Duela urtebete Zetak izeneko diziplina-anitzeko proiektua aurkeztu zuen eta hori da une honetan bere proiektu nagusia eta bere lehentasuna.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button