
Edurne Herran artistak Etorkizun inperfektua izenburuko erakusketa paratu du Gasteizko Montehermoso zentroan, apirilaren 9ra arte. Proposamena identitatearen inguruan ardazten da, ikusleengan erreakzio ezberdinak eragiteko asmoz.
Nerea Ubietoren arabera, “identitate disoziatuaren nahasmendua —edo nortasun anizkoitzaren nahasmendua— abiapuntutzat hartuz, happening honetan, Edurne Herránek bere identitatearen beste identitate paralelo batzuk eraikiko ditu, eta benetan jarriko ditu praktikan, bere estetika eta izaera eraldatuz gizartearen aurrean”.
Hala, azken bi urteetan artista makina bat pertsonaren azalean sartu da, eta esperientzia hori erregistratu egin du, arte-proiektu hau gauzatzeko xedearekin. “Bere nortasun ugarien pean joan da etorkizuna irakur diezaioten (tarota, kiromantzia eta iragarpena baliatuz), pertsona bera izan arren itxuraren arabera irakurketa ezberdina dela erakusteko; orobat, curriculumak bidali ditu bi pertsonaiaren izenean (Miren eta Edurne ahizpa bikiak) lan eskaintza berari erantzunez, zeinek duen lan-aukera gehiago aztertzeko”.
Erakusketari lotua, Herranek Mi otro Yo: Dr. Lan eta Mr. Jai izenburuko lantegia ondu du, otsailaren 18an.
Horretaz gainera, zine-zikloa ere izango da: otsailaren 28an, The Three Faces of Eve (Nunnally Johnson, 1957), martxoaren 7an, Me, Myself & Irene (Peter Farrelly, Bobby Farrelly, 2000); martxoaren 21ean, Black Swan (Darren Aronofsky, 2010); eta, azkenik, martxoaren 28an, Dr. Jekyll and Mr. Hyde (Rouben Mamoulian, 1931). Filmka Ortuño aretoan pantailaratuko dira, 19:00etan.
Informazio gehiago: montehermoso.net.



