EZLEKUBAT

Poetak II

Koronelak ez du nork idatzirik eta eskerrak Gabo agertu ez dela barteko errezitaldira. “Traizioa”, “manipulazioa”, “lapurrak”. Koronelak ez du kanporaketa gainditu eta epaimahaikideon eritziarekin ez dator bat. “Elkartea zapuzten ari zara, traidore halakoa”, esan dio elkarteko arduradunetako bati. Trajea eta gorbata ikusita arduraduna Al Caponeren iloba izan zitekeela pentsa dezakezu, baina ez, Manolitoren aita da bere bizitzako traje bakarra jantzirik. Mafalda han balego, baina ez, han Kathy Bates-ek “Misery”-n egindako pertsonaiaren eta Lilly Monsterren arteko hibridoa baino ez dago. James Caan-en bila aritu naiz, bera aurkitu ezean beldur naizelako ez ote den nigana etorriko “Zure fansik handiena naiz” esaka. Eskerrak mintzatzen ari natzaizun mintzaira honen berri ez dutela; Elfoen hizkera dela pentsatuko dute lurralde galduren bateko azken hats etsituaren adierazlea besterik ez. Koronelak bereari ekin eta “manipuladoreak”, “zikinak”, “traidoreak”. Sari banaketan txalo zaparrada garaileari. Itsuen herrian, badakizu… etxera nihoa, harriturik. Astelehenean beste olerki errezitaldi bat dago Bilbon. Elfoen hizkuntzan. Lasaitu nau. Horrelako besterik ez luke ene bihotz kolpatuak jasango.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button