
Gaur bertan abiatuko da Gasteizeko Artium museoan, Santos Iñurrieta artistaren Ondo ibili erakusketa, formatu handiko 60 margolan eta 16 gouache biltzen dituena. 2018ko urtarrilaren 7ra bitartean ikusi ahalko da.
Erakusketan Arabako margolariak narrazio kutsu handiko lanak bildu ditu, interpretazio ugariren abiapuntuak izan daitezkeenak. Elkarrizketa batean margolariak erabat naif zela adierazi zuen: “Nire teknika eta marrazteko era landugabe hori erabiltzen dut kontatzeko oso egokia iruditzen zaidalako”.
Margolanetan, kanpoko eta barruko paisaietan, pertsonaia asko eszena ezberdinetan biltzen ditu, “gogoetatsu atsedenean daude, eguneroko ekintza batean parte hartzen dute, jaten, lan egiten edota margolan berri bati begira, eta aurkezten dituzten egoerek limurtu egiten gaituzte, eta gogoeta egitera gonbidatzen”.
Artiumek osaturiko erakusketaren harira, “zati handi bat formatu handiko lanek osatzen dute, bi bider bi metroko margolanek eta triptiko erraldoiek, zeinetan arreta berezia eskaintzen baitzaio eszenen konposizioari”. Horri dagokionez, Javier San Martín katedradunak dio “ez hainbeste bere hedadura fisikoagatik, ezta pertsonaien eta egoeren ugaritasunagatik ere, bere konposizio-balio zentrifugoagatik baizik, direna baino ere handiagoak ematen dute Iñurrietaren koadroek”.
Tamaina txikiagoko margolan sorta bat ere badago erakusketan, eta baita gouache sail bat ere, guztiak, gainerako obra guztiak bezala, duela gutxi onduak.
«Lo egin ordez, festan jarraitzen du Iñurrietak bere gonbidatuekin” dio Francisco Javier San Martinek, Ondo ibili katalogoan.



