
Zinemakumeak gara! emakumeek zuzenduriko zinemaren erakustaldiaren hogeita bigarren edizioa urriaren 16tik 23ra egingo da, Bilboko BBK Aretoan. Edizio honetan fantasia eta izuaren genero zinematografikoa jorratuko da. Aurtengo Simone de Beauvoir saria Isa Campos zuzendariari emango zaio, eta La proxima piel bere film ikusgarria urriaren 21ean pantailaratuko da.
Gaur goizean aurkeztu da Bilbon Zinemakumeak gara! zinema zikloa. Horren gaineko datuak emateko, Zinemakumeak Gara! egitasmoaren zuzendari Ana Gutierrez; Bilboko Udalaren Berdintasunerako zinegotzi Itziar Urtasun; eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Berdintasunerako, Lankidetzarako eta Dibertsitaterako zuzendari Maria Guijarro; BBKren Gizarte Ekintzaren zuzendari Leire Aragón; eta kartelaren egile Elssie Ansareo bildu dira.
Ekimenaren helburua emakumeek zinemaren historian egindako lan eta ekarpen artistikoa balioztatzea eta zabaltzea da, behar duten bisualizazioa eman ahal izateko. Izan ere, zinemagintzan, emakumeen presentzia oso urria da, eta arte eta kulturaren esparruan berdintasunik ez dago oraindik, zoritzarrez. Hala, orekatze bat bilatzen du ekimenak, emakumeak ere zuzendari, protagonista eta aditurik onenak baitira zinemagintzan ere.
Ana Gutierrez Zinemakumeak Gara! egitasmoaren zuzendariak azaldu duenez, “aurten aukeraketa potentea dakargu, izan ere zuzendari berrien uholdea dator gai honen bueltan ere. Eta horren ispilu dira estreinatzeko dakarkigun lau film luze eta beste bi klasiko garaikide, eta gainera, horri film labur sorta ederra gehitu behar zaio”.
Hortaz, zikloak urriaren 16an zabalduko ditu bere ateak, Grammy, The Stylist, eta Most beautiful island piezekin. Guztira 16 ekoizpen pantailaratuko dira, emakume zinegile handiek zuzenduak, tartean, Kathryn Bigelow, Oscar saria irabazi duen emakume zuzendari bakarra.